XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zaitegi Jauna.

Jaso ditut, nekez bederen, zuk bialdu ditidazun liburuak: Euzko-Gogoa bi banako, eta Goldaketan, Ebangeline, Sopokel.

Gora zu! Kuku berriketontzi oiek!.

Askotan esaten dutana, itsaso asarrean asi zera igeritan; bioztoiki.

Ez ote zera pulunpatuko?.

Baiezkoan ari dira emen; baña, nik ez dut etsi mirari ori Jainkoak egiñaraziko ez dizunik.

Lenbiziko gorputz-eragiñak ez dituzu ain txairo ematen; baña, joanago ta txairoago arkitzen zaitut.

Aurrera!.

Nere egia jakin nai ba'duzu, gizabiderik aski ez ba dut ere (orregatik deitzen naute Basurde), gisabiderik edo azal-apaiñik ez nuke nai beintzat.

Batzuekin legun eta besteekin latz ari diran gizonak ez dira ari obeki.

EUZKO-GOGOA (zergatik ez s'kin?) irakurtzean, au gogora zait: gazteok gu baño bizkorrago zatoztela, ta atzean utzten gaituzutela.

Etorriko dira, ordea, (orrek pozten gaitu euskeraren onerako) zuek apurtuko zaitutenak ere.

Lenbiziko banakoa ia osoa zerorrek idatzia duzu, goxo ta ederki.

Bigarrenean agertzen da nik idazle bezala ezagutzen ez nun bat: Andima.

Ori mutilla, ori! Ez ote zaitu edo ez ote gaitu atzean uzten?.

Luzear zana bezain goxo, ta ua bañon askoz aberatsago.

Matxinada-aurretik zein euskal-idazle oberik.

Or beste zokoren batetik aterako da besteren bat edo beste zenbait, oraingo kritiku txar auen zentzagarri.

Olabide ederki xurgatu duzute.

Aren elur garbia urtu-bearra da erriarentzat, eta asi zerate beintzat.

Eta atzerrian euskera utsez, Euskalerrian ere ezin egin dutena!.

Ezer egin gabe eskuak antxumaturik dauden oiek, goratzarre aundiagoa merezi al dute?.

Ortan baldin ba daude, beiñere ez dute ikasiko euskera jakintsurik.

Zer mutikoak oiek!.

Badakite, bai, trigonometría, coseno ta olako itzak, eta eundaka geiago, naiz literaturan, naiz beste edozer jakingaitan erabiltzen ditutenak, aien erriak ez dezazkela sekulan ulertu.

Baña gu euskera jakintsua egin naiean asten ba gera, gure erriak guzi guzia ulertzea nai lukete.

Eskerrik asko, berena baño gure erria aintzatago artzen dutelako.

Bitartean, beude lotsagarri, alper oiek!.

Orain, Goldaketan liburuaz bi itz bakarrik.

Bi lerro gora bera, Andima'ren iritzia nere egin nezake.

Atsegiñez irakurri ditut saio oiek.

Lauaxeta zana (G. B.) oberenak eman gabe joan zitzaigun.

Aren lenengo liburua zartu dala iduritu zitzaidan atzerrian irakurtzean.

Ez ola bigarrena.

Umotzen asi zan, eta uzta ederra eman zezaken, luzaroxago bizi izan ba litza.

Lizardiren olerkiak ongi zolduak dira, bañan ari ere esan nion azken-urtean: jo dezagun gorago, ots, paulo maiora canamus.

Ala asi nintzaion Fr. Luis de León ezaguarazten.

Onen gaiñeneko mailla edo lerroa (la línea grande) ukitu zula nago bi edo iru aldiz; bañan erabat ezetz esango nuke.

Etzaitela arritu, zuri ere jo dezagun gorago esatea.

Guziok ikasten ari gera, ta goiz edo berandu sortuko zaigu, Jainkoak nai ba du gure Fr. Luis.

Ebangeline irakurtzen asi naiz, zer ote dan, ingelesik ez baitakit, eta beste erderaz ez baitut irakurri.

Egia esan, ezin pasa izan naiz 14'garren orri-aldetik.

Maxioz literatura esaten dioten ortatik bai bide du aski.

Itzulpena, berriz, zuk egin duzun gogorrena.

Sopokel.

Au besterik da.

Asi nadin, zaillenez aurrera.

ELETERE aski nekez irakurri dut, oso osorik, ordea.

Esana luze danean gogorrago, laburra danean goxoago.

Liburu osoan ez dut arkitu tokitxo bat besterik, lau lerro, neretzat argi ez dagonik.

Argiz argi dago, euskera dakinarentzat.